VÍCTOR ERICE ETA MICHEL GAZTAMBIDE, 2024ko GIDOI + SGAE EUSKAL HERRIKO GIDOIGILE ONENA SARIAREN IRABAZLE

Sari honek Euskal Herriko gidoilarien talentua aitortzen du eta gaur egungo zinemari egindako ekarpena ospatzen du. 1.500 €-ko saria eta garaikurra ditu eta GIDOIko bazkideek aukeratu dituzte irabazleak.

GIDOI, Euskal Herriko gidoilari elkarteak eta SGAE Fundazioak indarrak batu dituzte beste urte batez euskal talentua nabarmentzeko. Oraingo honetan, Víctor Erice eta Michel Gaztambide gidoilari ospetsuei eman zaie saria, “Cerrar los Ojos” filmaren gidoian egindako lan bikainagatik.

Saria Euskal Zinemaren Galan emango da, Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioan, eta ETB2k emango du. Aitor Eneriz GIDOIko presidenteak eta Garbitxu SGAE-Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidenteak emango dute saria eta Michel Gaztambidek jasoko du.

OSPATU ETA SUSTATZEN DUEN SARIA
Saria GIDOIk eta SGAE Fundazioak elkarrekin egindako ekimena da. 2015ean sortu zen, gidoiak lan zinematografikoetan funtsezko zutabe gisa duen garrantzia azpimarratzeko. Bere helburua da gure gidoilarien lana balioestea, haien talentua aitortzea eta lan zinematografiko berrien sorkuntza sustatzea.

Aurreko edizioetan, sari honek honako gidoilarien lana saritu ditu besteak beste: Maider Oleaga, Mikel Gurrea, Jose Mari Goenaga edo Asier Altuna.

GIDOI, EUSKAL HERRIKO GIDOILARIAK
1995etik, GIDOIk bere bazkideen interesak defendatzen ditu. Era guztietako prestakuntza-jarduerak egiten ditu gidoilarien gaitasunak sustatzeko, eta topaketak, hitzaldiak edo kolaborazioak antolatzen ditu jaialdiekin, gidoilariaren lan profesionala eta gidoiaren garrantzia ikusarazteko eta zabaltzeko, gidoia ikus-entzunezko edozein obraren jatorria baita. Gainera, Euskadin gidoiaren sektorea profesionalizatzeko beharrezkoak diren harreman instituzionalak garatzen ditu. Elkartea FAGAko (Gidoilarien Elkarteen Foroa) eta FSEko (Federation of Screenwriters in Europe) kidea da.

SGAE FUNDAZIOARI BURUZ
SGAE Fundazioa 1997an sortu zuen Egile eta Editoreen Elkarte Orokorrak (SGAE), eta erreferente bat da Espainiako kultura-sektorea bultzatzeko eta laguntzeko. 25 urte baino gehiagoko ibilbidean, funtsezko proiektuak garatu ditu, hala nola Max Sariak eta Arte Eszenikoen, Musikalen eta Ikus-entzunezkoen SGAE Urtekaria. Bere lana hiru ildo nagusitan oinarritzen da: asistentzia, prestakuntza eta kultur sustapena, betiere kultur sektorean genero berdintasunaren, aniztasunaren eta iraunkortasunaren aldeko konpromiso irmoarekin.

Comments are closed.